XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Laburbilduz, tributu arauak erabiltzen dituen terminoak horien esangura tekniko juridiko-tributarioan ulertu behar dira, kontrako jarrera zentzugabea izango bailitzateke.

Hortaz, arau fiskalak termino batzuk erabiltzen dituenean (hala nola, zerga egitatea, sortzapena, kuota edo zerga-tipoa), ez dirudi zentzuzkoa termino horiek Tributu zuzenbideak ematen ez dien esanguraren bat izan dezaketenik pentsatzea.

37. Tributu arauen interpretazioa Espainiako jurisprudentzian

Espainiako jurisprudentzia ez da norabide bakarrekoa izan gai honen inguruan.

XIX. mendearen hasieratik, Auzitegi Gorenak adierazi izan du tributu arauak arau bereziak direla, euren izaeragatik (izaera murriztaile, debekatzaile edo higuingarria dute).

Hori dela bide, tributu antolamenduari interpretazio irizpide bereziak aplikatu behar zaizkio; horren ildotik, maiz sarri (agian, sarriegi) jo izan da Administrazio zuzenbideko kontzeptura.

Tributuen Lege Orokorra onesteaz geroztik, emeki-emeki nabaritzen da 23. artikuluaren eragina.

Hainbatenaz, tributu arauak arau berezitzat jotzen baziren ere, pixkanaka-pixkanaka zabaldu zen Zuzenbidearen interpretazio irizpide orokorrak aplikatzearen aldeko joera.

Azkenik, Espainiako 1978ko Konstituzioa indarrean jarri ostean, eta Tributu zuzenbidearen inguruan zegoen ikusmolde zaharkitua gainditu eta gero (eskubideak murrizten zituen Zuzenbide gisa ikusten zuena), Konstituzioaren printzipioak bete-betean aplikatzen dira.

Taxu berean, Kode Zibilaren 3.1. artikuluak aldarrikatzen dituen interpretazio irizpideak jasotzen dira, tributu arauen esparruan.

Egoera berri honek badu islarik Auzitegi Gorenaren epaietan mila bederatziehun eta laurogeiko hamarkadatik aurrera, baita Nazio Entzutegiaren epaietan ere.

Nolanahi den ere, aldi berean badira interpretazio irizpide murriztaileak aplikatzearen aldeko erabakiak ere.

Labur-zurrean, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziari begiratuta, hurrengo ondorioak atera daitezke:

1. Auzitegi Gorenak tributu legeak interpretatzeko erabilitako irizpidea ez da egonkor eta bakarra izan.

2. Irizpide guztien artean, interpretazio adierazlea izan da nagusi.

Auzitegiak irizpide hori helburuzko osagaiarekin edo osagai sozial zein historikoarekin inoiz konbinatu badu ere, azken interpretazio irizpide horiek tentu handiaz aplikatu izan ditu.

3. Irizpide nagusi hori txandakatzen da, oso tarteka bada ere, betiko interpretazioarekin, hots, hitzez-hitzezko interpretazio murriztailearekin.